XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1789-ko haizeak Fructidor bat.

1797-ko apirilean izan ziren bozetan, batzar haundienean sartu ziren hautetsi berri batzu bazterren jabaltzeari ari zirenak, hala nola: Pichegru, Willot, Imbert-Colomes, Jordan Camille.

Herriz kanpo joanak ziren apez eta bertzeak hasi ziren andanaka beren etxetarat itzultzen.

Apezpiku batzu ere gibelerat joan ziren Maiatzean berean.

Maiatz bereko 17-an, Camille Jordan, Lyon-eko deputatuak galdegin zuen aho ederrez goraki errana izan zadin, azkatasunaren izenean, nor nahi bere sinestearen arabera bizitzen ahal zela.

Erran zuen goraki: Aditzen dituzue Frantziaren alde guzietarik heldu diren oihu guziak? Denetan, baserrietan beren lanetik lurrak ontzen dituzten jende xehe eta bihotz onezko guziak otoizka ari dira zuzentasunaren egile diren buruzagieri, utz ditzaten bakean heien bihotzak hautatu sinestearen legeri jarraikitzerat, nahi dituzten apezen ondotik, utz ditzaten ukan dituzten hoinbertze kolpen ahanzterat eta oraino dituzten zaurien sendatzerat.

Baziren beti bi biltzarre edo batzarre haundi nagusi.

Batek (Cinq Cents) Uztailaren 27-an (27 Messidor) eta bertzeak (Anciens) agorrilaren 24-an (7 fructidor, orroit: Fructidor!) herritik kanpo igortze guziak legez-kendu zituzten eta zin egitea biziki errextu zuten; aski zuten erraitea lege berrien meneko jartzea eta egoitea onartzen zutela, erranez bakarrik: Zin egiten dut Frantziaren errepublikaren meneko egonen naizela.

Ez zuten gehiago bertze deus urrats egiterik.

Ez ziren beldurtu iraultzaleak begi-beharriak erne zaudela, apirileko bozkatzez kexu zabiltzala, heien ondorio guziak ikusiz eta ikusi arau.

Orroit iraultzale minberenek etsai lehenak nor zituzten: katolikoak, bainan lehen lehenik lege berrien iheska berriz kanpo joanak ziren apezak.

Ez zuten barkamendurik aipatzea ere nahi.

Jainkozaletasuna zagon beti iraultzalen mamia (edo hexurra!).

Noiz eta nola izan zen lehen terrorismoa 1792-an? Apezak ihes egiten hasi zirelarik.

Zertako hil zuten Robespierre? Elizkizunak iduriko biltzarre batzuen egiten hasi zelakotz.

Eta orai Fructidor huntan apezak berriz beren buruak altxatu nahiz ari?? Izan bazen Fructidor bat, izan zen ere Fructidor bi.

(Gero beretik) Otto PIARRE.